Hizkuntza eta isiltasuna

MUGARIK ZEHARKATU NAHI?



viernes, 18 de mayo de 2012

Depresioa...

Badira psikologian bi izaera, azalekoa eta gordea dei geniezaiekeenak. Gordea gure izaera babestua da, bizitzaren gorabeherek kolpatu eta zauritu baino lehen estalia, beste janzkera batek estalia esan dezadan, edo bizitzaren gorabeherek kolpatua eta zauritua, zaildua eta desitxuratua ageri dena beraz. Kontua zera da, hasiera batean bageneukala izaera egiazko bat, errealitatean bizi zena, naturala, ontogenesian gure hastapeneko haur izaerari zegokiona, askea, naturarekin bat egina, eta berau uztean, bertatik ateratzean nolabait aldaketa-fase bat ematen dela, non izaera desitxuratu bat garatzen hasten garen, azalekoa, egoa deituko dioguna. Guztiok daukagu mozorro bat jantzia. Zein baino zeinek nabarmenagoa, egia da. Eta honek ez du esan nahi ere traje guztiak direnik ezberdinak. Bada nortasunen tipologia dei geniezaiokeenari buruzko teoriarik. Guztiok identifika genezake, honen ildora, gure trajea zein jostunek egina den. Ez naiz honetan gehiegi sartuko ez baita tokia, baina bai da egia, horrela, bideoz grabatua ikustean, nork bere burua mozorrotzen duen trajearen ezaugarriak antzemateko aukera paregabea daukala,mozorroaren deformazio mailaren arabera, nork bere buruarekiko daukan onarpen mailaren arabera, eta bakoitzak kanpo gertaerak integratzeko daukan gaitasunaren arabera mingarriagoa gertatuko zaiona ala ez.
Horrela gertatzen da batzuetan zaila egitea norbere burua pantailan ezagutzea eta onartzea. Zein den tipo hori, ze ahots daukan, aurrez inoiz ere entzun gabea, ze inpresio orokor sortzen duen. Norbere ni faltsua identifikatzea da, norbere maskara antzematea, eratu duen maskara gotor hori, horren zaila bestela ikusten eta, ezin gainetik astindua.
Nire buruarekin gogorregia izan gabe esan dezadan nik nire iluntasuna ikusi dudala. Gainetik astindu ezin dudan tristura bat. Nire konplexuak ikusi ditut. Nire izaera agertzeko zailtasuna. Aurpegi horrek zerbait gordetzen du. Ez da aurpegi irekia, gardena, alaia, ez da gainerakoen bila ateratzen den aurpegia (ze aldea Gabrielen naturaltasunean. Segundo bakarra aski izan du kamerak ni baino maiteago egiteko). Begi horiek ere ez diren bezala ateratzera egiten duten begiak, halako tristura batekin zerbait estaltzen dutenak baizik. 


Nire saioarekin segituz, erorita hitz egin dut. Eroria daukat boza, depresio-aldi bat jasaten ariko banintz bezala, inpresio hori jasotzen dut eta hala da akaso, depresio orokor bat neureganatu dudala, nire ohiko egoera egin dudana eta hargatik ez zaidana arraro egiten, baina ongi pentsatuz gero, ze askatzea, ze arintasuna, ze ondo egon behar den bestelako egoera batean, biziarekin kontaktuan eta zamarik gabe, irribarrea igortzeko esfortzurik gabe; ze ondo mozorro goibel hau erantziko banu, nire egiazko izaerari ateratzeko aukera emango banio. Ondo pentsatuz, argazkietan azaltzeko nire uzkurtasunak arrazoi hau dauka, argazkia salatari fina da eta, naturaltasun falta agerikoan, horretan huts egiten dugunoi berehala ematen digu abisua.
Nire desitxura honek haurrekiko urrutiegi egotea eragin dit akaso, hitz egiteko modu formalaren aldekoa naiz debatean, alegia irakasleak, eta batez ere hizkuntzako eta literaturako eskola orduan, euskara formalean edo batuan hitz egitearen aldekoa naiz, nahiz jarduera eta elkarrekintza batzuetarako erregistroz aldatzea ere beharrezkoa ikusten dudan, baina tipo honen hitz egiteko modua oso urrutia iruditu zait, ez dakit zer ezkutatu nahi duen, zergatik, errezeloa sortzen dit hau idaztean ere ez ote naizen urrundua, urrutiko norbait, esan nahi dut errealitatetik kanpo ari … ez da hizkuntza kontua, eta bai psikologian edo psikopedagogian aztertu beharko litzatekeen zerbait, nortasun kontua da, eta badakit hau ere entrenagarria dela, heziketa emozionalaren bidez elkarrekintza eragile baten alde. Uste dut aurtengo masterrean faltan bota dudala halako saiorik, halako ikastarorik irakasle izango garenoi zuzendua. Gure egiazko izaera horretara barne-bidaia bat egitea, bakoitzak bere deformazio edo desbiderapenak identifikatu eta zuzentzea, oreka baten bila, esku-hartze zoriontsuago baten bila, izatearen zikoizkeriarik gabe, nork autoritarismorik gabe, nork oldarkeria edo banitate adierazpenik gabe, bakoitza bere trajea erantziz, ezinbesteko ariketa baita hezitzaile izatera bidean eta gizakiekin elkarrekintzan egon behar dugunontzat.