Hizkuntza eta isiltasuna

MUGARIK ZEHARKATU NAHI?



viernes, 18 de mayo de 2012

Nire klasea Mariaren Lagundia ikastetxean

 Irakaslea eta ikasleak aurrez aurre. Eskola eta kanpotik datozen haurrak. Bien arteko talka. Muga horretan sortzen den ezagutza. Muga horretan sortzen den musika...

Klasea


Esku hartzea bideoz grabatzea eta ondoren nork bere burua aztertzea ariketa paregabea da dudarik gabe. Ariketa gogorra, pedagogiaz kanpo nork bere buruaren ezagutza egiteko tresna egokia edonola ere. Nork bere akatsak ikus ditzake, akatsak baino gehiago ezaugarriak, nortasun ezaugarriak, halako edo halako izatea egiten gaituen ezaugarrien azaleratzea, kameraz hartuak egoteagatik perspektiba edo distantzia batetik antzematen direnak, horrek eragiten duen kolpearekin nor bere burua ikusten ari denean. Orduan, eta ikusteko adorea bada, antzematen da zenbaterainoko desbiderapena dagoen garela uste dugunetik egiazki garenaren artean. Desbiderapen edo deformazio hori horixe da, errealitatearen deformazioa, errealitatearekiko urruntzea, desfasea, desoreka edo décalage bat gure bi izateen artean, irudizkoa eta erreala, azalekoa eta gordea, argazki batean ageri dugun desitxurapenak salatzen digun gauza, ikusi nahi duenarentzat.
Inoiz ez zait gustatu argazkietan agertzea, eta beti pentsatu izan dut bazela irakurtzen ez nekien mezu bat errezelo horretan, irakurtzen ez nekiena edo irakurri nahi ez nuena, aurre egiteari itzuri egin diodan ezkutuko traba bat balego bezala, gainditzen nekeza eta desatsegina, eta hargatik bazterrean utzia seguruenik ere. Asko elaboratu gabe ere teoria, beti pentsatu izan dut argazkietan gaizki ateratzeak badaukala esplikazio psikologikoa; muinean naturaltasun falta batek eragiten digu, fotogeniko ez garenoi, argazkietan halaxe agertzea, naturaz kanpo, artifizial, desitxura zital batekin, unean uneko izaeratik aterea bezala, ez dakit ongi nola esan, errealitatetik kanpo. Halaxe antzeman dut neure burua bideoz ikustean. Zaila egiten zait tipo hori ni naizela onartzea.