Irakaslea eta ikasleak aurrez aurre. Eskola eta kanpotik datozen haurrak. Bien arteko talka. Muga horretan sortzen den ezagutza. Muga horretan sortzen den musika...
Esku hartzea bideoz grabatzea eta ondoren
nork bere burua aztertzea ariketa paregabea da dudarik gabe. Ariketa gogorra,
pedagogiaz kanpo nork bere buruaren ezagutza egiteko tresna egokia edonola ere.
Nork bere akatsak ikus ditzake, akatsak baino gehiago ezaugarriak, nortasun
ezaugarriak, halako edo halako izatea egiten gaituen ezaugarrien azaleratzea,
kameraz hartuak egoteagatik perspektiba edo distantzia batetik antzematen
direnak, horrek eragiten duen kolpearekin nor bere burua ikusten ari denean.
Orduan, eta ikusteko adorea bada, antzematen da zenbaterainoko desbiderapena
dagoen garela uste dugunetik egiazki garenaren artean. Desbiderapen edo
deformazio hori horixe da, errealitatearen deformazioa, errealitatearekiko
urruntzea, desfasea, desoreka edo décalage
bat gure bi izateen artean, irudizkoa eta erreala, azalekoa eta gordea, argazki
batean ageri dugun desitxurapenak salatzen digun gauza, ikusi nahi
duenarentzat.
Inoiz ez zait gustatu argazkietan
agertzea, eta beti pentsatu izan dut bazela irakurtzen ez nekien mezu bat
errezelo horretan, irakurtzen ez nekiena edo irakurri nahi ez nuena, aurre
egiteari itzuri egin diodan ezkutuko traba bat balego bezala, gainditzen nekeza
eta desatsegina, eta hargatik bazterrean utzia seguruenik ere. Asko elaboratu
gabe ere teoria, beti pentsatu izan dut argazkietan gaizki ateratzeak badaukala
esplikazio psikologikoa; muinean naturaltasun falta batek eragiten digu,
fotogeniko ez garenoi, argazkietan halaxe agertzea, naturaz kanpo, artifizial,
desitxura zital batekin, unean uneko izaeratik aterea bezala, ez dakit ongi
nola esan, errealitatetik kanpo. Halaxe antzeman dut neure burua bideoz
ikustean. Zaila egiten zait tipo hori ni naizela onartzea.
Badira psikologian bi izaera, azalekoa
eta gordea dei geniezaiekeenak. Gordea gure izaera babestua da, bizitzaren
gorabeherek kolpatu eta zauritu baino lehen estalia, beste janzkera batek
estalia esan dezadan, edo bizitzaren gorabeherek kolpatua eta zauritua, zaildua
eta desitxuratua ageri dena beraz. Kontua zera da, hasiera batean bageneukala
izaera egiazko bat, errealitatean
bizi zena, naturala, ontogenesian gure hastapeneko haur izaerari zegokiona,
askea, naturarekin bat egina, eta berau uztean, bertatik ateratzean nolabait
aldaketa-fase bat ematen dela, non izaera desitxuratu bat garatzen hasten
garen, azalekoa, egoa deituko
dioguna. Guztiok daukagu mozorro bat jantzia. Zein baino zeinek nabarmenagoa,
egia da. Eta honek ez du esan nahi ere traje guztiak direnik ezberdinak. Bada
nortasunen tipologia dei geniezaiokeenari buruzko teoriarik. Guztiok identifika
genezake, honen ildora, gure trajea zein jostunek egina den. Ez naiz honetan
gehiegi sartuko ez baita tokia, baina bai da egia, horrela, bideoz grabatua
ikustean, nork bere burua mozorrotzen duen trajearen ezaugarriak antzemateko
aukera paregabea daukala,mozorroaren deformazio mailaren arabera, nork bere
buruarekiko daukan onarpen mailaren arabera, eta bakoitzak kanpo gertaerak
integratzeko daukan gaitasunaren arabera mingarriagoa gertatuko zaiona ala ez.
Horrela
gertatzen da batzuetan zaila egitea norbere burua pantailan ezagutzea eta
onartzea. Zein den tipo hori, ze ahots daukan, aurrez inoiz ere entzun gabea,
ze inpresio orokor sortzen duen. Norbere ni faltsua identifikatzea da, norbere
maskara antzematea, eratu duen maskara gotor hori, horren zaila bestela ikusten
eta, ezin gainetik astindua.
Nire buruarekin gogorregia izan gabe esan
dezadan nik nire iluntasuna ikusi dudala. Gainetik astindu ezin dudan tristura
bat. Nire konplexuak ikusi ditut. Nire izaera agertzeko zailtasuna. Aurpegi
horrek zerbait gordetzen du. Ez da aurpegi irekia, gardena, alaia, ez da
gainerakoen bila ateratzen den aurpegia (ze aldea Gabrielen naturaltasunean.
Segundo bakarra aski izan du kamerak ni baino maiteago egiteko). Begi horiek
ere ez diren bezala ateratzera egiten duten begiak, halako tristura batekin
zerbait estaltzen dutenak baizik.
Nire saioarekin segituz, erorita hitz
egin dut. Eroria daukat boza, depresio-aldi bat jasaten ariko banintz bezala,
inpresio hori jasotzen dut eta hala da akaso, depresio orokor bat neureganatu
dudala, nire ohiko egoera egin dudana eta hargatik ez zaidana arraro egiten,
baina ongi pentsatuz gero, ze askatzea, ze arintasuna, ze ondo egon behar den
bestelako egoera batean, biziarekin kontaktuan eta zamarik gabe, irribarrea
igortzeko esfortzurik gabe; ze ondo mozorro goibel hau erantziko banu, nire
egiazko izaerari ateratzeko aukera emango banio. Ondo pentsatuz, argazkietan
azaltzeko nire uzkurtasunak arrazoi hau dauka, argazkia salatari fina da eta,
naturaltasun falta agerikoan, horretan huts egiten dugunoi berehala ematen digu
abisua.
Nire desitxura honek haurrekiko urrutiegi
egotea eragin dit akaso, hitz egiteko modu formalaren aldekoa naiz debatean,
alegia irakasleak, eta batez ere hizkuntzako eta literaturako eskola orduan,
euskara formalean edo batuan hitz egitearen aldekoa naiz, nahiz jarduera eta
elkarrekintza batzuetarako erregistroz aldatzea ere beharrezkoa ikusten dudan,
baina tipo honen hitz egiteko modua oso urrutia iruditu zait, ez dakit zer
ezkutatu nahi duen, zergatik, errezeloa sortzen dit hau idaztean ere ez ote
naizen urrundua, urrutiko norbait, esan nahi dut errealitatetik kanpo ari … ez
da hizkuntza kontua, eta bai psikologian edo psikopedagogian aztertu beharko
litzatekeen zerbait, nortasun kontua da, eta badakit hau ere entrenagarria
dela, heziketa emozionalaren bidez elkarrekintza eragile baten alde. Uste dut
aurtengo masterrean faltan bota dudala halako saiorik, halako ikastarorik
irakasle izango garenoi zuzendua. Gure egiazko izaera horretara barne-bidaia
bat egitea, bakoitzak bere deformazio edo desbiderapenak identifikatu eta
zuzentzea, oreka baten bila, esku-hartze zoriontsuago baten bila, izatearen zikoizkeriarik
gabe, nork autoritarismorik gabe, nork oldarkeria edo banitate adierazpenik
gabe, bakoitza bere trajea erantziz, ezinbesteko ariketa baita hezitzaile
izatera bidean eta gizakiekin elkarrekintzan egon behar dugunontzat.
Poesiaren eta sagarraren arteko talka
eragin nahi nuen, ikasgela eta kanpotik datorren aire freskoaren artekoa, aurre-ezagutzen
eta oraindik ezagun ez den horren arteko lotura.
Segi ezazu sarrera hau Schubeten lieder bat entzunaz:
Gizakiaren bizitza isiltasunak zedarritzen du. Hastapeneko isiltasunak, eta azkenak. Unibertsoko sinfoniarekin bat egiten dugu Pitagoras eta Stanley Kubricken irudiz. Gure bizialdiko azantza guztia, ordea, jaiotza unean sortzen da, paradisu batetik ateratzean, eta ondorengo bidaia eneagramaren bitartez egiten da ulergarri: