Hizkuntza eta isiltasuna

MUGARIK ZEHARKATU NAHI?



viernes, 18 de mayo de 2012

Nire klasea Mariaren Lagundia ikastetxean

 Irakaslea eta ikasleak aurrez aurre. Eskola eta kanpotik datozen haurrak. Bien arteko talka. Muga horretan sortzen den ezagutza. Muga horretan sortzen den musika...

Klasea


Esku hartzea bideoz grabatzea eta ondoren nork bere burua aztertzea ariketa paregabea da dudarik gabe. Ariketa gogorra, pedagogiaz kanpo nork bere buruaren ezagutza egiteko tresna egokia edonola ere. Nork bere akatsak ikus ditzake, akatsak baino gehiago ezaugarriak, nortasun ezaugarriak, halako edo halako izatea egiten gaituen ezaugarrien azaleratzea, kameraz hartuak egoteagatik perspektiba edo distantzia batetik antzematen direnak, horrek eragiten duen kolpearekin nor bere burua ikusten ari denean. Orduan, eta ikusteko adorea bada, antzematen da zenbaterainoko desbiderapena dagoen garela uste dugunetik egiazki garenaren artean. Desbiderapen edo deformazio hori horixe da, errealitatearen deformazioa, errealitatearekiko urruntzea, desfasea, desoreka edo décalage bat gure bi izateen artean, irudizkoa eta erreala, azalekoa eta gordea, argazki batean ageri dugun desitxurapenak salatzen digun gauza, ikusi nahi duenarentzat.
Inoiz ez zait gustatu argazkietan agertzea, eta beti pentsatu izan dut bazela irakurtzen ez nekien mezu bat errezelo horretan, irakurtzen ez nekiena edo irakurri nahi ez nuena, aurre egiteari itzuri egin diodan ezkutuko traba bat balego bezala, gainditzen nekeza eta desatsegina, eta hargatik bazterrean utzia seguruenik ere. Asko elaboratu gabe ere teoria, beti pentsatu izan dut argazkietan gaizki ateratzeak badaukala esplikazio psikologikoa; muinean naturaltasun falta batek eragiten digu, fotogeniko ez garenoi, argazkietan halaxe agertzea, naturaz kanpo, artifizial, desitxura zital batekin, unean uneko izaeratik aterea bezala, ez dakit ongi nola esan, errealitatetik kanpo. Halaxe antzeman dut neure burua bideoz ikustean. Zaila egiten zait tipo hori ni naizela onartzea.

Depresioa...

Badira psikologian bi izaera, azalekoa eta gordea dei geniezaiekeenak. Gordea gure izaera babestua da, bizitzaren gorabeherek kolpatu eta zauritu baino lehen estalia, beste janzkera batek estalia esan dezadan, edo bizitzaren gorabeherek kolpatua eta zauritua, zaildua eta desitxuratua ageri dena beraz. Kontua zera da, hasiera batean bageneukala izaera egiazko bat, errealitatean bizi zena, naturala, ontogenesian gure hastapeneko haur izaerari zegokiona, askea, naturarekin bat egina, eta berau uztean, bertatik ateratzean nolabait aldaketa-fase bat ematen dela, non izaera desitxuratu bat garatzen hasten garen, azalekoa, egoa deituko dioguna. Guztiok daukagu mozorro bat jantzia. Zein baino zeinek nabarmenagoa, egia da. Eta honek ez du esan nahi ere traje guztiak direnik ezberdinak. Bada nortasunen tipologia dei geniezaiokeenari buruzko teoriarik. Guztiok identifika genezake, honen ildora, gure trajea zein jostunek egina den. Ez naiz honetan gehiegi sartuko ez baita tokia, baina bai da egia, horrela, bideoz grabatua ikustean, nork bere burua mozorrotzen duen trajearen ezaugarriak antzemateko aukera paregabea daukala,mozorroaren deformazio mailaren arabera, nork bere buruarekiko daukan onarpen mailaren arabera, eta bakoitzak kanpo gertaerak integratzeko daukan gaitasunaren arabera mingarriagoa gertatuko zaiona ala ez.
Horrela gertatzen da batzuetan zaila egitea norbere burua pantailan ezagutzea eta onartzea. Zein den tipo hori, ze ahots daukan, aurrez inoiz ere entzun gabea, ze inpresio orokor sortzen duen. Norbere ni faltsua identifikatzea da, norbere maskara antzematea, eratu duen maskara gotor hori, horren zaila bestela ikusten eta, ezin gainetik astindua.
Nire buruarekin gogorregia izan gabe esan dezadan nik nire iluntasuna ikusi dudala. Gainetik astindu ezin dudan tristura bat. Nire konplexuak ikusi ditut. Nire izaera agertzeko zailtasuna. Aurpegi horrek zerbait gordetzen du. Ez da aurpegi irekia, gardena, alaia, ez da gainerakoen bila ateratzen den aurpegia (ze aldea Gabrielen naturaltasunean. Segundo bakarra aski izan du kamerak ni baino maiteago egiteko). Begi horiek ere ez diren bezala ateratzera egiten duten begiak, halako tristura batekin zerbait estaltzen dutenak baizik. 


Nire saioarekin segituz, erorita hitz egin dut. Eroria daukat boza, depresio-aldi bat jasaten ariko banintz bezala, inpresio hori jasotzen dut eta hala da akaso, depresio orokor bat neureganatu dudala, nire ohiko egoera egin dudana eta hargatik ez zaidana arraro egiten, baina ongi pentsatuz gero, ze askatzea, ze arintasuna, ze ondo egon behar den bestelako egoera batean, biziarekin kontaktuan eta zamarik gabe, irribarrea igortzeko esfortzurik gabe; ze ondo mozorro goibel hau erantziko banu, nire egiazko izaerari ateratzeko aukera emango banio. Ondo pentsatuz, argazkietan azaltzeko nire uzkurtasunak arrazoi hau dauka, argazkia salatari fina da eta, naturaltasun falta agerikoan, horretan huts egiten dugunoi berehala ematen digu abisua.
Nire desitxura honek haurrekiko urrutiegi egotea eragin dit akaso, hitz egiteko modu formalaren aldekoa naiz debatean, alegia irakasleak, eta batez ere hizkuntzako eta literaturako eskola orduan, euskara formalean edo batuan hitz egitearen aldekoa naiz, nahiz jarduera eta elkarrekintza batzuetarako erregistroz aldatzea ere beharrezkoa ikusten dudan, baina tipo honen hitz egiteko modua oso urrutia iruditu zait, ez dakit zer ezkutatu nahi duen, zergatik, errezeloa sortzen dit hau idaztean ere ez ote naizen urrundua, urrutiko norbait, esan nahi dut errealitatetik kanpo ari … ez da hizkuntza kontua, eta bai psikologian edo psikopedagogian aztertu beharko litzatekeen zerbait, nortasun kontua da, eta badakit hau ere entrenagarria dela, heziketa emozionalaren bidez elkarrekintza eragile baten alde. Uste dut aurtengo masterrean faltan bota dudala halako saiorik, halako ikastarorik irakasle izango garenoi zuzendua. Gure egiazko izaera horretara barne-bidaia bat egitea, bakoitzak bere deformazio edo desbiderapenak identifikatu eta zuzentzea, oreka baten bila, esku-hartze zoriontsuago baten bila, izatearen zikoizkeriarik gabe, nork autoritarismorik gabe, nork oldarkeria edo banitate adierazpenik gabe, bakoitza bere trajea erantziz, ezinbesteko ariketa baita hezitzaile izatera bidean eta gizakiekin elkarrekintzan egon behar dugunontzat.

jueves, 10 de mayo de 2012

Esku-hartzea



Poesiaren eta sagarraren arteko talka eragin nahi nuen, ikasgela eta kanpotik datorren aire freskoaren artekoa, aurre-ezagutzen eta oraindik ezagun ez den horren arteko lotura.



lunes, 7 de mayo de 2012

Isiltasuna gure bizitzan

Segi ezazu sarrera hau Schubeten lieder bat entzunaz:
Gizakiaren bizitza isiltasunak zedarritzen du. Hastapeneko isiltasunak, eta azkenak. Unibertsoko sinfoniarekin bat egiten dugu Pitagoras eta Stanley Kubricken irudiz. Gure bizialdiko azantza guztia, ordea, jaiotza unean sortzen da, paradisu batetik ateratzean, eta ondorengo bidaia eneagramaren bitartez egiten da ulergarri:


lunes, 26 de marzo de 2012

Izarren isiltasuna

 

Izarren isiltasuna John Cage-n aburuz...
Dowland-en kanta batez ere zeharka daitezke mugak...

zugan den isiltasuna


Bi dira gizakion bizitza inguratzen duten isiltasunak,
bata hilobikoa,
bestea izarren isiltasuna.

Lehenak ez dauka esplikazio handiren beharrik.
Bizitza amaitzean datorkigun isiltasuna da.

Besteaz, zer?
Mintza daitekeenaz mintza gaitezke.
Gure mugen alde honetan aurkitzen denaz.
Gure mugez kanpokoaz, izarrez haratago dagoenaz, isiltzea besterik ez daukagu.

Izarren alde honetan
Esanahiaren isiltasuna baino lehen dena da zurrunbilo.
Dena ele aniztasun.

Ikasgai bakitzak dauka bere elea
idiolekto deituko diegu.
(idiota bat grekeraz bere baitan bizi dena da
bere mundutik atera gabe)
Idiolekto beraz bakoitzak berea duen hizkuntza da.
Matematikera idiolekto bat.
Kimikera beste idiolekto bat.
Gizartera beste bat,
horrela.

Bakoitzak mundu bat eraikitzen du,
bere mugekin.
Nolabait guztiok gara hizkuntza irakasle.

Hizkuntza, beraz, ulertzen ez denaren atarian den zurrunbilo
esanahiak eraikitzen ditugu hizkuntzaren bitartez.
Eraiki, hau da sortu, poeten mintzoa beraz.
Cratilok hitzak izentzen zuen hura sortzen zuela uste zuen
Gauzaren eta bere izenaren artean erlazio bat zela.
(Hala Aristotelesek, lengoaiaren legeak munduaren lege ber-berak zirela zioenean)
Biblian Hitzak mundua sortzen du. 

Eraiki, edo erabili.
Gizakion artean harremana sortzeko erabili
zurrunbiloari hobekien dagokion hitza.

Guk ere bietara egiten dugu:
Ideolekto bakoitzean esanahia sortzen dugu, mugak irekitzen ditugu.
Esanahia sortu bitartean elkarrekintzan gaude, hizkuntza erabiltzen dugu.

Batean ikasgai bakoitzaren gaitasunak garatzen ditugu.
Bigarrenean, erabiltze soilarekin, gaitasun komunikatiboak.
Guztiok gara hizkuntza irakasle.



viernes 23 de marzo de 2012




Pentsamenduak, hizkuntza behar du, bai ala ez? Pentsamendu oinarrizkoenek ere bai? Abstraktuenek? Haur jaio berriak pentsamendu mekanismorik erakusten, bere gosea asetzeko? Eta animaliek? Filogenesia eta ontegenesia. Pentsamendu mailaketa. Oinarrizkoenetik abstraktuenera. Schoenberg edo  Rothkok, hitzekin esplikatzen ahal beren pentsamendua? Bi goi matematikari elkarrizketan ekuazio eta numeroen bitartez. Bata errusiarra da eta ez du ingelesez hitz egiten. Bestea estatu batuarra da eta errusieraz tutik ez. Zerbait esaten al diote elkarri? Gure munduaren mugak gure hizkuntzaren mugak direla kontuan harturik, ezinbesteko erlazioa sortzen da hizkuntza eta gure mundua osatzen duten gainerako jakintzen artean. Zein da Wittgensteinen ideiaren atzean ezkutatzen den egia?